miss
2008-09-30 17:56:06

Zure aztarnak beti izan dira hor, auskalo zenbat metrora, baina berdin dio, hor egon dira idatzita, kantekin bilduta batzutan, liburuak besapean bezala bestetan, babestuta, hizkuntzak ere berdin dio, ulertzen ez dena ulertarazteko —edo nondik heldu jakiteko— pistak eman baitizkiguzu.
Baina mundu honetatik erauzi zintuzten, edo erauzi zinen (kutxara baten laguntzaz agian? time to scoop out myself idatzi zenuen), bizitza metropolitanoari alde eginez, edo coast-to-coast arteko metropolietan bizitza berriak eginez (The Smiths entzuten agian? akordatzen?).
Egia da, gaizki ohitu ginen zure testuetara, hala laburtu zeniguzun behin sentsazio hori Kerouac-ekin flipatzen zenuen bitartean:
bizitza dela sinistarazi diguten koltxoi confortable-ultra-massage-ezko
parentesi horietako batean esperientzia eta ikasgai berriak vía
intravenosa
sartzea bezala
Baina azken finean denok gaude maila berean, denok gabiltza distantzia infinituetan barreiatuta. Horrek ordea ez dit eragozten komentario anonimo batek zioenarekin ados egoten: I miss you so much
.
Eta ziur, ez naizela bakarra.
erantzun bat | anabasa
gordin
2008-09-27 10:15:17
Oso gordina da egia zure ezpainek halakorik isurtzeko.
4 erantzun | anabasa
mapa
2008-09-21 23:40:06
Gauaren habiak
kolore bakarra topatu du,
horregatik hurbildu nahi nuke
zure babes nabarrera,
i letraz hasten den
paradisu ezezagunera.
Ez da inolaz ere
pentsa nezakeen gauza berbera,
bakarra, norbera sentibera,
alderik ere ez da batetik bestera
baizik distantzia mapetan barrena.
4 erantzun | anabasa
irakaspen (I)
2008-09-15 15:57:06
Portu handitik atera eta moila berrira egin genuen paseoa arratsaldeko eguzki argitan. Farias-ak behar baino gutxiago iraungo ziola aurreratu zidan, puru eskas horrek paseoa izorra ezin zezakeela aditzera emanez ordea. Iritsi ginen muturrera, itsasoaren goiko atarira eta, portu handiari txikitasunez begira egon nahian, karelean eseri nintzen. Berak tente jarraitu zuen ordea eta, zeharka begiratuz, irakaspena eman nahi izan zidan:
— Ni behine ez'tiazu hormigoyen exeita ikusiko.
— Ah ez e? hotza dolako?
— Geo hortik etortze'ia neumoniek eta halakok.
— Kontxo... — petriletik jaiki nintzen.
— Bai, baserrin'e fija zaitte, beyak eta txerriyak egurre don lekura jute'ia, inoiz ez'tue hormigoizko lurren lo itten.
Buelta egiteko imintzioa egin zidan, eguzkia indarra galtzen ari zen aitzakiapean. Hitzok esanda, banekien puru-zuztarra gozoagoa egingo zitzaiola.
erantzunik gabe | anabasa
infarto
2008-09-11 22:12:33
Kostata ailegatu da telefonora Mari Paz. Ez du gertatutakoa sinesteko indarrik. Dardarizoan numeroa markatzea lortu du.
— ¡Oye! ¡Que venga una ambulancia! ¡Que le ha dado un infarto a la que me cuida!
erantzunik gabe | anabasa
majia
2008-09-09 00:43:50
Autobidea hartu genuenean konturatu nintzen urrunaren majiaz: neure kabuz inoiz entzungo ez nituen kantek belarria goxatzen zidaten zure kotxean. Minutu batzuk lehenago karretera jeneralean egindako kilometroetan, ilunabarreko eguzkiaren taupadekin batera zuk ateratako argazkiak sentitu nituen atzeko leihotik sartzen. Igandeak etxetik kanpo emandako pausuak dira eta, ito gabe, pentsatzearen pisua bihotzari dagokionean, orduantxe ulertzen dut dena.
erantzunik gabe | anabasa